Peter Fraser (Hill of Fearn, Eskozia, 1884ko abuztuaren 28a - Wellington, 1950eko abenduaren 12a) zeelandaberritar politikaria izan zen. Zeelanda Berriko lehen ministroa izan zen 1940 eta 1949 artean.
Zeelanda Berrira emigratu zuen 1910ean. Aucklanden zamaketari lanetan aritu zen eta Zeelanda Berriko Alderdi Sozialistarekin bat egin zuen. 1916an Alderdi Laboristaren sorreran parte hartu zuen eta urtebete eman zuen kartzelan sedizioa egotzita, Lehen Mundu Gerrako konskripzioa salatu ondoren. 1918an Legebiltzarreko kide hautatu zuten.
Hezkuntza, Osasun eta Polizia ministro izan zen Michael Joseph Savageren gobernuan. 1940an lehen ministro izendatu zuten eta Bigarren Mundu Gerran herrialdea zuzendu zuen. Oposizioko kideekin gerra-kabinete bat osatu zuen, herrialdearen moralari eutsi zion eta ekonomia bultzatu zuen. 1943ko eta 1946ko hauteskundeak irabazi zituen, baina 1949an garaitua izan zen.